Adimen Artifizialean oinarritutako euskarazko eta gaztelaniazko laguntzaile digital elebidun baten garapenarekin amaitzen da BERREKIN proiektua, fabrikazio-prozesuari buruzko zalantzak argitzen dituena

07.05.2024

Vicomtech-ek koordinatutako partzuergo batek, hainbat zentro teknologikok eta unibertsitatek osatua, laguntzaile digital bat ikertu eta garatu du, ekoizpen industrialeko operadoreen eta makinen artean hizkuntza naturaleko interakzio-interfazeak inplementatzen laguntzeko. Dokumentazio eta informazio teknikoa eta adimen artifizialeko teknologia aurreratuenak oinarri hartuta, BERREKINen laguntzaile digitalaren prototipo bat garatu da, euskaraz zein gaztelaniaz, fabrikazio industrialeko inguruneetan langileei laguntzeko. Prototipo hori erabil daiteke bai gaikuntza-helburuetarako, bai fresatzeko makinetan piezak fabrikatzeko Konputagailuaren bidezko Zenbakizko Kontroleko (CNC) programazioarekin lotutako in situ laguntza operatiborako. Gainera, laguntzaileak informazio osoa erakusten du pantailan, eta elkarrekintza ahalbidetzen du, bai testu bidez, bai ahots bidez.

Laguntzaileak langileei laguntzeko gaitasuna du, fabrikazio-prozesuaren alderdi zehatzei buruzko galderei erantzunak emanez, hala nola, programazio-komando batzuen esanahiari buruzkoak. Gainera, urratsez urrats gida ditzazke hainbat prozeduraren bidez; adibidez, programa bat simulatuz. Elkarrizketa-laguntzailea fresatzeko makinen eskuliburuetatik ateratako informazioarekin elikatu eta entrenatu da, baita aditu teknikoek aurrez emandako ezagutzarekin ere.

Laguntzailearen erabilgarritasuna ebaluatzeko ezarritako erabileraren kasua pieza bat fabrikatzea izan da, fresatzeko makinaren zenbakizko kontrolaren zenbait parametro eta komando erabiliz. Pieza bat fabrikatzeko prozesuak hainbat fase ditu: planoa aztertzea eta ulertzea, fabrikazio-prozesua definitzea eta, ondoren, CNC programa programatzea, simulatzea eta gauzatzea. Garatutako laguntzaileak prozesu osoan zehar langileari laguntzen dio, eta fase bakoitzean egon daitezkeen zalantzak argitzeko beharrezko informazioa eta ezagutza ematen dizkio. Funtsezko osagaia da, eta industria-eremuan pertsonak ardatz dituen ikuspegia sustatzen laguntzen du.

BERREKINen ezaugarri berritzaileetako bat laguntzaile digitala hobetzeko aukera da. Erantzunak egokiak ez badira, laguntzaileak “dislike” aukera ematen du datuak bilduz, industriako profesionalek aurrez ezarritako erantzunak aldatu eta hobetu ahal izan ditzaten.

BERREKIN proiektua egitean, bazkide bakoitzak rol ezberdinak bete ditu. Vicomtech proektuaren koordinatzailea izan da, eta UPV/EHU eta Teknikerrekin batera, elkarrizketa-sistemen eta galdera-erantzun sistemen ikaskuntza inkrementaleko teknikak edo QA (ingelesetik Question Answering) ikertu eta garatu dituzte. Teknika horiek "Langilea Zirkuituan" inplikatzea ahalbidetzen duten interfazeekin batera garatu dira, fabrikazio industrialeko inguruneetan elkarrizketa-laguntzaileak egokitu, pertsonalizatu eta ezagutzaz hornitzeko. Gainera, Ikor eta Vicomtech-ek "Langilea Zirkuituan" paradigmaren aplikazioa ere ikertu dute, pertsonaren eta makinaren arteko elkarrizketa-elkarreragin horietarako, banatutako konputazio-inguruneetan edo Edge Computing-en. Proiektuaren beste alderdi garrantzitsu bat euskararako baliabideen bilketa izan da. IMH Campusek eta UZEIk lan egin dute nagusiki, eta "Langilea Zirkuituan"-ekin elkarrizketa-laguntzailearen prototipoa ezartzea ahalbidetu dute, hizkuntza horretan ere. Proiektua amaitutzat emateko, IMH Campuseko ikasleak baliozkotzeaz arduratu ziren.

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak