Ber2Tek: hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak hizkuntzen industriaren zerbitzura
01.06.2015
Ber2Tek ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira gaur Usurbilen, Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian.
Ber2Tek hiru aplikazio eskaintzen ditu: literatura-kritiketako iritzien erauzketa automatikoa, bideoetako bilatzailea (transkripzio eta bikoizketa automatikoa) eta onlineko ahots bidezko hizkuntza-irakasle pertsonala.
Edukien arlorako, iritzien erauzketa edo sentimenduen analisiaren teknologia erakusten da. Iritzi subjetiboak aztertu eta haiek positiboak edo negatiboak ote diren ondorioztatzen du automatikoki. Aplikazio hau oso interesgarria da produktu edo zerbitzuei buruzko hizkuntz desberdinetan egindako iritzien kudeaketa egiten duten enpresentzat.
Itzulpengintza arlorako, bilatzaile multimedia bat prestatu da. Gaztelaniaz edo euskaraz dauden hainbat bideo hartzen dira, eta, ahots-ezagutza erabilita, automatikoki transkribatu. Hala, behin bideo horien testua lortuta, bilaketak egin daitezke bideootan eta, nahi izanez gero, zuzenean jauzi egin bilatutako hitza esaten den unera. Teknologia honek azpitituluak automatikoki sortzeko eta bikoizketa automatikoa egiteko balio du.
Irakaskuntza arlorako, tutor pertsonal bat eskaintzen da. 3Dko avatar bat da eta berarekin euskaraz komunikatzea posible da. Aplikazio hau oso interesgarria da hizkuntzak ikasteko. Gainera orain online dagoen aplikazio bat da eta edonork proba dezake.
VICOMTECH-IK4 teknologia-zentroak, TECNALIA Research and Innovation Fundazioak, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek eta Elhuyarrek osatutako partzuergoak egin du ikerketa, Eusko Jaurlaritzako diruz lagunduta, Etortek programaren bidez.