Vicomtech egoitza berri bat inauguratu du Bilbon
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok zentroaren egoitza berria bisitatu du gaur, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten langileak pixkanaka kontratatzea aurreikusi duena.
05.10.2021
Vicomtech egoitza berri bat ireki du Bilbon. Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoan hogei urteko ibilbidea egin ondoren, non gaur egun industria-ikerketa aplikatuari lotutako 200 profesional inguruk lan egiten duten, Vicomtech-ek beste etapa bat abiatu du orain Zabalguneko Eraikinaren instalazioetan, Bilboko Udalaren eskutik.
Lankidetza horri esker, lehen fase honetan, zentroa hedatzen jarraitzeaz gain, prestakuntza-jardunaldiak eskainiko zaizkie adimen artifizialeko irtenbideak aplikatzearekin zerikusia duten hainbat sektoretako enpresei, hori baita udalak hiriko ehun ekonomikoarentzat duen erronketako bat.
Bilbora Zentro Teknologiko hori iritsi dela ospatzeko, Juan Mari Aburto alkateak, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianorekin batera, instalazio berriak bisitatu eta ikuspuntuak trukatu ditu gaur Julian Flórez zuzendari nagusiarekin, eta gainerako lantaldearekin batera. Alkatea pozik agertu da “gure hiria aukeratu dutelako zentroa garatzen eta eboluzionatzen jarraitzeko; izan ere, Bilboren ardatz nagusietako bat dugu industria digitala hedatzea eta talentua erakartzea”.
Bestalde, Vicomtech-eko arduradunak adierazi duenaren arabera, enpresetara teknologia transferitzeko eta ikertzaile espezializatuak prestatzeko zentroak daukan misioa betetzen jarraituko dute, baita Euskadiko enpresa- eta ekoizpen-sarearekiko gertutasuna mantenduko ere; halaber, "Vicomtech-en egoitza berriari esker aurrerapauso berri bat emango dugu norabide horretan". Horretarako, lankidetza estuan arituko da Bilboko unibertsitate eta ikastetxeekin batera, eta bertoko garapen teknologikoari lagunduko diote.
ZENTRO BERRIRAKO KONTRATAZIOA
Azaldu duenez, industria-ikerketa aplikatuari lotutako STEAM profilak dituzten langileak pixkanaka kontratatzea aurreikusi dute, zentroko lantaldeak indartzeko eta handitzeko asmoz eta enpresei gertutik eta eraginkortasunez irtenbideak ematen jarraitzeko xedez.
Alkateak egindako bisitan zehar, gainera, zentroa hirian ezartzeko estrategia aurkeztu dute, baita zentroak garatzen dituen ikerketa-ildoen berri eman ere, orain Bilboko egoitza berriari esker indartuko direnak.
Vicomtech-ek zazpi prestakuntza-jardunaldi eskainiko dizkie adimen artifizialeko irtenbideak aplikatzearekin zerikusia duten hainbat sektoretako enpresei, horrela, euren gaitasunak hurbiltzeko eta bertaratutako enpresen teknologia- eta digitalizazio-beharrak ezagutzeko.