Oihana Otaeguik BRTA aliantzaren sari bat jaso du bere ibilbideagatik eta ikerketa-lanagatik
Sari honek BRTA aliantzaren zentroetan teknologia ikertzen eta garatzen diharduten pertsonen lana aintzatesteko, balioesteko eta suspertzeko balio du.
14.07.2022
BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzaren lehen sariak gaur, asteazkena, banatu dira Donostiako Parke Zientifiko Teknologikoan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Rikardo Bueno Zabalo BRTA aliantzaren zuzendari nagusiak parte hartuta. BRTA aliantzak hiru ikertzaileren lana aitortu du, aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik, eta hiru gazterena, ikerketa-proiekzioagatik.
Sari horiek BRTA aliantzaren zentroetan teknologia ikertzen eta garatzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, balioesteko eta suspertzeko balio dute. Rikardo Buenok, BRTA aliantzako zuzendari nagusiak, saridun guztien lanak euskal ekonomia eta enpresak eta gizartea oro har hobetzen laguntzen duela azpimarratu du.
Ibilbidea kategorian hiru aintzatespen eman dira. Saridunak Oihana Otaegui (Vicomtech), Damien Salle (Tecnalia) eta Iñigo Iturriza (Ceit) izan dira, BRTA aliantzako zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik. Oihana Otaeguik Vicomtech-en lan egiten du Garraio eta Segurtasun Sailean. Bere ikerketa-arlo nagusia Adimen Artifiziala da, eta azpimarratu du gure ikerketari esker enpresak lehiakorragoak izan daitezen, beharrezkoa dela unibertsitateek eta zentro teknologikoek elkarrekin lan egitea talentua sortzeko eta talentu hori gure lurraldean mantentzeko.
Era berean, Ikerketa-proiekzioaren kategorian, Marine Reynaud (CIC energiGUNE), Eneko Osaba (Tecnalia) eta Andoni Saez de Ibarra (Ikerlan) izan dira orain arte egindako lanagatik eta ikerketaren esparruan etorkizun oparoa izateagatik sarituak.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu eta BRTA aliantzaren presidenteak eman dio amaiera BRTA aliantzak emandako lehen sarien banaketari. Ekitaldiaren amaieran egin duen hitzaldian nabarmendu duenez, ikertzaile bikainen etengabeko ahalegina eta konpromisoa saritu egin behar dira. Ikerketa zientifiko-teknologikoa aitortu, ospatu eta sustatu behar da, batez ere ekonomia produktiboan eragin positiboa duena eta aurrerapen elektrikoen abangoardian egoteko aukera ematen diguna.
Sari banaketa streaming bidez zuzenean eman da Irekia.eus webgunearen bidez.