Mubil Poloak Vicomtech-en puntako espazio berri bat izango du, mugikortasun adimendunari lotua

14.03.2023

MUBIL Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Poloak espazio berri bat izango du Eskuzaitzetan, mugikortasun Konektatu, Kooperatibo eta Automatizaturako VICOMTECH zentro teknologikoak kudeatua. Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur erabakiari eta, Eider Mendoza bozeramaileak ziurtatu duenez, erabaki honek “esparru horretan teknologia- eta ikerketa-gaitasunak osatzea eta indartzea ahalbidetuko dio Poloari, hori baita mugikortasun berriaren zutabeetako bat”. Espazioko obrak % 50ean finantzatuko dituzte Aldundiak eta VICOMTECHek. Horretarako, Kontseiluak 2,92 milioiko dirulaguntza onartu du, egoitza berri bat eraikitzeko beharrezkoak diren instalazio teknikoak eraiki, egokitu eta hasierako ekipamendua erosteko inbertsioak finantzatzeko.

 Diputatuen Kontseiluaren ostean egin ohi duen agerraldian iragarri du neurria Mendozak. Azaldu duenez, proiektuak garraio/mugikortasun adimendunarekin lotuta VICOMTECHek egiten duen ikerketa- eta garapen-jarduera sustatuko ditu, MUBILekin dituen sinergietan sakonduz. Funtsezko esparrua da zero isurketa eta ezbeharrik gabeko eredu baterantz aurrera egiteko, eta VICOMTECHen jarduerak hazkunde handia izan du azken urteotan. Konektatutako eta Automatizatutako ibilgailuak sartzeak atea irekitzen dio garraio-paradigma osasungarriago, seguruago, irisgarriago, iraunkorrago, errentagarriago eta orekatuago bati lurralde-mailan,

Mendozak esan duenez VICOMTECH sartzea “mugarri berri bat da Gipuzkoako eta Euskadiko mugikortasun berriari lotutako ekosistema hedatzeko eta finkatzeko. MUBIL poloa gero eta proiektu indartsuago bat da, proiektu partekatua delako. Proiektu horren alde egiten ari dira lurraldeko erreferentziazko eragileak, ibilbide luzea dutenak, eta haien konpromisoari eta lankidetzari balioa eman behar zaie”. Gogoan izan behar da MUBILen behin betiko egoitzaz gain (iazko uztailean hasi ziren obrak, Eskuzaitzetan, 14,2 milioi euroko aurrekontuarekin), poloak dituen 48.000 m2-etan CIDETECen egoitza berri bat ere izango duela, energia biltegiratzea ardatz izango duena; TECNALIAk kudeatuko duen mugikortasun jasangarrirako eta trantsizio energetikorako eraikin bat; eta motor elektrikoen ekodiseinu-proiektu bat sustatuko dela, CEITekin lankidetzan.

VICOMTECHek kudeatuko duen espazioa gehituta, horrek guztiak 36 milioi eurotik gorako baterako inbertsioa ekarriko du, Aldundiak eta dagozkien zentroek batera finantzatuta. “Ekosistema bat osatzen ari gara, eta horrek barne hartuko ditu jakintza-arlo estrategikoak mugikortasun berriarekin lotutako guztian. Beraz, Gipuzkoak eta Euskadik esparru horretan duten lehiakortasuna eta posizionamendua blaituko dituzten bitartekoak izango ditugu. MUBILek gure industria osoari eta ETEei lagunduko die mugikortasun-eredu berri baterantz eraldatzen, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean erronka erabakigarria baita, eta sektore horrek gure industria-sarean duen garrantziagatik. Gure ekonomia indartzeaz eta garapen- eta enplegu-aukera berriak sortzeaz gain, herritarrentzako garraio-sistema eraginkorragoak eta jasangarriagoak igarotzeko aukera emango digu”, azaldu du foru bozeramaileak.

Mendozak azpimarratu du “proiektuak nazioartean duen anbizioa, Europan punta-puntakoak diren mugikortasun berriko ekosistemen ligan jokatzeko aukera emango diguna”.  Ildo horretan, nabarmendu behar da Foru Aldundiak, MUBILek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak lankidetza-akordio bat sinatu berri dutela ‘City Science Lab Gipuzkoa’ sortzeko. Erakunde horrek mugikortasun-proiektuak abian jartzeko berrikuntza-laborategi bihurtu du lurraldea, eta ‘City Science Network’ sarean sartzea ekarriko du. Mundu osoko hirien lankidetza-sare hori MITek babesten du, eta bertan daude Shanghai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh Hiria (Vietnam) eta Concepción (Txile).

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak