Abian da ASAPI, aplikazioen programazio-interfazeetatik abiatuta elkarrizketa-laguntzaileak automatikoki sortzeko proiektua
Ekimen honek interfaze intuitiboagoen eskaera handiari erantzuten dio, Adimen Artifizialeko azken aurrerapenak integratuz, hala nola hizkuntzaren eredu handiak edo LLMak.

07.03.2025
Eraldaketa digital etengabe batean murgilduta gaude, eta horretan, elkarrizketa-laguntzaileek gero eta protagonismo handiagoa hartzen dute, hainbat sektoretan funtsezko tresna bihurtuz.
Hemen sortzen da ASAPI proiektua, interfaz naturalagoen eta intuitiboagoen eskari gero eta handiagoari erantzuteko, Adimen Artifizialaren azken aurrerapenak integratuz, hala nola hizkuntza-eredu handiak (LLM-ak).
ASAPIren helburu nagusia APIetatik eta webguneetatik ateratako informazioan oinarritutako elkarrizketa-laguntzaileen sorrera automatizatzea da, eta bi mota nagusi jorratzen dira:
-
Kontsulta-laguntzaileak: Retrieval Augmented Generation (RAG) metodologiak erabiltzen dituzte erantzun zehatzak emateko, iturri fidagarrien webguneetan informazio eguneratua zuzenean eskuratuz.
-
Formularioak betetzeko laguntzaileak: Erabiltzaileekin hizkuntza naturalaren bidez elkarreraginean aritzeko diseinatuta daude, online formularioak modu erraz eta eraginkorrean betetzea erraztuz.
Bi laguntzaileak modu automatizatuan funtzionatzeko diseinatu dira, eskuzko konfigurazio konplexurik behar izan gabe. Horrez gain, sistemak gainbegiratze-teknologia izango du, erantzunen fidagarritasuna bermatzeko, ereduaren haluzinazioak minimizatzeko eta jasotako datuak zein erantzunak koherenteak eta egiazkoak direla ziurtatzeko.
ASAPIren erronka teknologiko nagusien artean daude APIetatik eta formularioetatik datu-ereduen erauzketa automatizatzea, hizkuntza-ereduak elkarrizketa-interakzioko zereginetara egokitzea, informazioa balioztatu eta zuzentzeko gainbegiratze-teknikak garatzea, eta RAG estrategiak aplikatzea webguneetako datu eguneratuak berreskuratzeko.
ASAPIren bidez, formularioetarako eta webguneetarako elkarrizketa-laguntzaileak automatikoki sortzeko gai den sistema sendo eta funtzional bat garatu nahi da, LLMen onurak gainbegiratze-teknikekin uztartuz, erantzun zehatz eta fidagarriak eskainiz.
ASAPI proiektua Zylk, Airlan, Innotu eta Vicomtech-en arteko lankidetza baten emaitza da, eta Hazitek 2024 programaren bidez Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du.