Errealitate areagotua eta geokokapen sistemak elkartzen dituen telefono mugikorretarako app berritzaile bat garatu dute
14.11.2013
The Movie Virtual enpresa donostiarra eta Vicomtech-IK4 ikerkuntza zentroa “CRUMBS Ogi-apurrak, guneak eta errealitate areagotua gizarte-sareetan” deritzon proiektu europear batean ari dira lanean. CRUMBS (apurrak) proiektuaren ideia nagusia gizarte-sare batean eskuragarri dagoen informazioa berrantolatzea da, erabiltzaileek kaletik ibiltzean inguru fisikoarekin duten elkarrekintzan oinarrituta. Proiektuak Android mugikorrekin bateragarri den aplikazio bat sortu du. Aplikazioaren bidez, erabiltzaileek interes puntuak (crumbs) eta edukiak sortu eta konpartitu dezakete. Gainera aplikazioak zerbitzu aurreratuak ere badauzka, pertsonalizatutako edukiak eta gomendiak jasotzeko eta errealitate areagotuan oinarritutako nabigatzaile bat erabiltzeko.