"Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezkoa da adimen artifizialaren potentzial ekonomiko eta soziala”
Gipuzkoako diputatu nagusiak Vicomtech zentroaren instalazioak bisitatu ditu, ikusmen artifizial industriala, gidatze autonomoa, data intelligence eta visual analytics bezalako arlo teknologikoetan izandako aurrerapenak ezagutzeko
23.06.2021
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, Vicomtech Teknologia Zentroak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia) dituen instalazioak bisitatu dituzte. Zentro horretan ezagutu ahal izan dituzte ikuspegi artifizial industriala, gidatze autonomoa, data intelligence eta visual analytics bezalako arlo teknologikoetan izandako azken aurrerapenak. "Gipuzkoak gure ekonomiaren eta gure gizartearen eraldaketa digitalari berme osoz aurre egin ahal izateko, funtsezkoa izango da teknologia horien potentzial osoa garatzea eta datuen kudeaketatik abiatuta balioa sortzea adimen artifizialaren eta lotutako beste berrikuntza arlo batzuen bidez", adierazi du diputatu nagusiak.
Vicomtech zentroak sustatutako I+G proiektuetako batzuk in situ ezagutu ondoren, Olanok adierazi du Gipuzkoak adimen artifizialaren "indar ekonomiko eta soziala aprobetxatzeko oinarriak dituela"; izan ere, badu digitalizazioaren aldeko apustu "irmoa" egiten ari den industria bat, baita gai horietan "esperientzia handia eta ezagutza aurreratua" biltzen dituzten hainbat berrikuntza zentro ere. Diputatu nagusiak adierazi duenez, lurraldearen “etorkizunerako funtsezkoa” da esparru teknologiko horren “potentzial ekonomiko eta soziala” probestea, enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza-gaitasuna nabarmen areagotu ditzakeelako, ahaztu gabe "helburua dela uztartzea, batetik, produktuen eta ekoizpen-sistemen hobekuntza eta, bestetik, pertsonen lanaren eta bizitzaren babesa".
Ildo horretan, Olanok konpromisoa hartu du, besteak beste, digitalizazioa sustatzen jarraitzeko Gipuzkoako sare ekonomikoaren prozesuetan (4.0 industria), nahiz negozio ereduetan eta zibersegurtasun sistemetan, osasun pertsonalizatuan, mugikortasun autonomoan eta konektatuan, sormen- eta kultura-industrien sektorean eta gastronomiaren balio katean. Halaber, datuen kudeaketa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publikoen exekuzioa eta prestazioa digitalizatzeko funtsezko proiektuak osatzeko konpromisoa berretsi du. Azken lan ildo hori Etorkizuna Eraikizeko Gipuzkoa Digitala proiektuaren esparruan kokatzen da.
Bisitan, diputatu nagusiak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Vicomtech zentroak adimen artifizialaren arloan egin duen apustua eta nazio nahiz nazioarte mailan lortu duen posizionamendua, hainbat sektoreri aplikatua, hala nola automobilgintzari, industriari, osasunari, hizkuntza-teknologiei eta segurtasunari. Gainera, zentroko ikertzaileen eskutik, teknologia horiek enpresei transferitzeko kasu errealen berri izan dute, eta egiaztatu dute tamaina eta digitalizazio maila desberdinetako Gipuzkoako enpresek beren prozesuak eta produktuak hobetu dituztela eta merkatuan duten lehiakortasuna indartu dutela.
Vicomtechen honako ordezkari hauek ere parte hartu dute topaketan: zuzendari nagusia, Julian Flórez; zuzendariondokoa, Jorge Posada; eta Industria-prozesuetarako Datu-inteligentziako zuzendariak, Garraio Adimenduneko Sistemetakoak, Industria eta Fabrikazio Aurreratukoak, Hizkeraren eta Hizkuntza Naturalaren Teknologietakoak, eta Osasun Digitaleko eta Teknologia Biomedikoetako zuzendariak, Igor G. Olaizolak, Oihana Otaeguik, Iñigo Barandiaranek, Arantza del Pozok eta Ivan Maciak, hurrenez hurren.
Babestutako proiektuak
Azken bi urteetan, Ekonomia Sustapeneko foru departamentuak lagundu ditu Vicomtech zentroak adimen artifizialaren arloan bultzatutako hainbat berrikuntza ildo, Zientzia eta Teknologia Sarearen I+G+B proiektuetarako laguntza deialdiak eginez. Donostiako zentroak 400.000 euro baino gehiago jaso ditu azken urteotan, ikerketa aplikatuko proiektuetan sakontzeko, besteak beste, trenbide-mugikortasuna, datuen kudeaketa adimenduna eta data analytics bezalako arloetan.
VICASENS proiektuaren bidez, esaterako, Vicomtech trenbide azpiegiturak neurtzeko eta monitorizatzeko ikusmen soluzio aurreratuak garatzen ari da. Bidearen eta katenariaren egoera zehatz-mehatz ezagutzeak mantentze lanen plangintza eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du, eta horrek kostuak eta gauzatze denbora aurreztea dakar. CETESTekin lankidetzan prestatutako proiektuaren helburua da trenetan jar daitezkeen erakusle aurreratu berriak garatzea, azpiegiturari buruzko informazioa lortzeko eta, horrela, azpiegituraren egoera aurreikusteko, trenen mantentze prediktiborako jarraibideak ezartze aldera.
Era berean, DIOGENES ekimenaren esparruan, Vicomtech zentroak datuen zerbitzari adimendun eta eraginkor bat garatzeko ekipamendua erosi ahal izan du, errendimendu handiko biltegiratze arkitektura bat eta haren kudeaketa adimenduna sortzeko. Izan ere, adimen artifiziala garatzean, datuen kudeaketa funtsezkoa da, eta, beraz, datu horiek kudeatu eta mantenduko dituen zerbitzari adimendunaren diseinua eta garapena erabakigarriak dira.
Azkenik, teknologia zentroa, Aldundiaren laguntzarekin, DataNext proiektua ere garatzen ari da, Datuen Analisi eta Zientzia Prozesuetarako Erreferentziazko Plataforma. Vicomtech zentroak esperientzia handia du adimen artifizialeko eta datuen analisiko teknikak aplikatzen, eta, horren ondorioz, hainbat liburutegi sortu ditu, errealitate birtualerako, itzulpen automatikorako, ikusmen artifizialerako, datuen prozesamendurako eta abarrerako funtzionalitateak dituztenak.