Vicomtech zentroak BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) Elkartea, Adimen Artifizialeko Euskal Zentroaren eraketan parte hartzen du

28.07.2021

17 erakundek, Vicomtech barne, sortu dute BAIC (Basque Artificial Intelligence Center), Adimen Artifizialeko Euskal Zentroa, Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, “enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzeko”.  

BAIC lankidetza publiko-pribatuko espazio bat da, helburutzat duena Adimen Artifiziala (AA) bultzatzea Euskadin. Funtsean, tresna bat da industriak albait azkarren txerta dezan AA eta, era berean, laborategi bat ere bai, baliagarri izango dena esperimentaziorako eta munduko erronka teknologiko eta sozial handienetako batean nazioarteko posizionamendua lortzen lagunduko diguten proiektuak azkartzeko.

Hauek dira elkarte berriaren helburuak:

1- Adimen Artifizialaren garapena sustatzea Euskadin.

2- Adimen Artifizialaren euskal ekosistema artikulatzea (enpresak, teknologi eta ikerketa zentroak, prestakuntza zentroak, e.a.).

3- Adimen Artifizialaren sektoreko enpresa berrien sorkuntza sustatzea, tokiko enpresa trakziogileak inplikatuz.

4- Adimen Artifizialaren arloko talentuaren sustapena ahalbidetzea Euskadiko prestakuntza zentroekin lankidetzan, arlo horretako prestakuntza aurreratua bultzatuz eta, bide horretatik, talentua sustatuz, garatuz, atxikiz eta erakarriz.

5- Adimen Artifizialaren arloko sinergiak bultzatzea Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologiko desberdinen artean.

6- Nazioartera hedatzea Euskadik Adimen Artifizialaren sektorean daukan eskaintza, atzerriko talentua, enpresak eta inbertsioa erakartzeko, eta enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatzeko,

7- Adimen Artifizialaren arloko aurrerapen teknologikoen ondorio etikoak aztertzea eta aintzat hartzea.

Bere misioa betetzeko BAICek jarduera-eremu desberdinak jorratuko ditu, eta jarduera-eremu horiek elkarrekin konbinatuz posible izango da konponbide osoak eraikitzea AAk planteatzen dituen erronka konplexuentzat. Hauexek dira jarduera-eremu horiek:

  • Dagoeneko existitzen diren gaitasunak identifikatu, indartu eta koordinatu,
  • Talentua sustatu, garatu, atxiki eta erakarri,
  • Enpresak nazioarteko sare eta merkatuekin konektatu eta proiektatu,
  • AAren arloko enpresa berriak sustatu,
  • Proiektu pilotu bereziak garatu lurraldean, eta
  • Etorkizuneko lan-ildoak sortu administrazioentzat eta enpresentzat

Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia, Sustatzaileen artean daude baita ere eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). SPRI Taldeak ordezkatzen du arlo publikoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.

AA, lehentasun estrategikoa EBrentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat

BAIC abian jarri da, hain zuzen, AA eta gainerako teknologia digital berriak funtsezko instrumentu bilakatu direnean euskal gizartearen erronkei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak lider izan nahi du AA garatzeko eta haren inguruko ezagutza aplikatzeko prozesuan, eta horregatik, bere Gobernu Programako lehentasunen artean sartu du AA, zehazki, 14. konpromisoan: “Euskadin errotutako 4.0 Industria eta Adimen Artifizialaren garapena”. 2021eko martxoaren 31n onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak dio Adimen Artifiziala funtsezko palanka teknologikoetako bat dela aipatutako hiru trantsizioek planteatzen dituzten erronkei aurre egin ahal izateko.

Gainera, Europako Batzordeak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du, eta harekin bat etorriz, potentzia teknologiko handiek nahiz herrialde aurreratu txikiagoek ere dagoeneko ekin diote AA garatzen eta erabiltzen hasteko bideari. Azken horien artean aipatzekoak dira, adibidez, Finlandia, Danimarka, Eslovenia eta Estonia, zeintzuek herrialde handi eta aurreratuagoek baino ikuspegi espezializatuagoak garatu baitituzte euren nitxoak bilatu eta haiengandik bereizteko.

Euskadik jokaleku oso lehiakorra dauka, gai dena lurraldea AAren garapen eta hedapenerako benetako proba-laborategi bihurtzeko.  

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak