Adimen artifizialean, AWS web zerbitzuetan, teknologia haptikoan, VFX/SFX delakoan eta aplikazio mugikorretan oinarritutako bost proiektu lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen
Zinemaldia & Technology irailaren 23an egingo da Tabakaleran eta bost finalisten aurkezpenak eta eskola magistral bat bilduko ditu
03.08.2021
Danimarkatik, Espainiatik eta Frantziatik etorritako bost proiektu lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren hirugarren edizio honetan; ikus-entzunezko arloan teknologia berriak txertatzean oinarritutako enpresa-garapenak proposatzen dituzten Europako talde ekintzaileei eta startup sortu berriei zuzenduta dago Zinemaldia Startup Challenge. Hirugarren edizio honetan 8 herrialdetako 37 erregistro jaso dira.
Bost finalistak hauek dira: Kinetix, Frantziako proposamena, 3D animatzaileak eta estudioak adimen artifizialeko baliabidez hornitzeko jomuga duena, prozesuak sinplifikatu eta bizkortze aldera; Klipworks, Danimarkako proiektua, bideo-edukien sortzaileei beste lankide batzuek sortutako materiala eskuratu eta erabiltzeko aukera ematen diena, AWS web zerbitzuen teknologiaren bidez; eta OWO Entertainment, Espainiakoa, film bat ikusten ari den bitartean erabiltzaileari sentsazio fisikoak sentiaraziko dizkion jaka haptiko bat garatzen ari dena; Panoramic Plates espainiarra, zinemarako eta telebistarako 360º hondoak −mugimenduan daudenak− filmatzeko zerbitzua; eta, azkenik, Raccorder, scriptetarako aplikazio mugikorra, baliabide guztiak baliabide digital batean bildu eta filmaketei buruzko informazioa aurkitzea errazten duena.
Enpresa parte-hartzaileek Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC (Business Innovation Center) bateko inkubaziogune batean urtebetez aritzeko aukera izango dute, eta proiektua garatzeko 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute. Halaber, proiektu irabazleak −epaimahaiak izendatuak− 10.000 euro jasoko ditu.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge sustatzen du, Donostia Zinemaldiak, TECNALIAk eta Tabakalerak antolatutako Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia, hain zuzen, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren laguntzarekin. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean, jarduera horri loturiko jardunaldi gehiago egin nahi dira urtean zehar.
Jardunaldiak Europa Creativa MEDIAren babesa du, European Film Forum ekimenaren bidez. Europa Creativa MEDIAren helburua Europako ikus-entzunezkoen industria indartzea eta eraldatzea da. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu nahi du.
Kinetix (Frantzia)
Kinetixek 3D animatzaileak eta estudioak adimen artifizialean oinarritutako baliabideez hornitzen ditu, ekoizpen-prozesuak bizkortze eta sinplifikatze aldera.
Klipworks (Danimarka)
Klipworksek erraztu egiten die eduki-sortzaileei euren audientziak telefono adimendunetan eskala handian sortutako bideo-grabazioak lortu, aurrebistaratu eta erabiltzea.
Owo Entertainment (Espainia)
OWO Entertainmentek jaka haptiko bat garatzen du, film, telesail edo dokumental bat ikusten ari garela 30 sentsazio fisiko baino gehiago izatea ahalbidetzen diguna.
Panoramic Plates (Espainia)
Panoramic Plates zinema eta telebistarako 360º hondoak −mugimenduan daudenak− filmatzeko zerbitzu berritzailea da.
Raccorder (Espainia)
Raccorder zinema, telebista eta publizitateko scriptetarako plataforma anitzeko aplikazio mugikorra da. Baliabide guztiak baliabide digital bakar batean batu eta funtzionalitate berriak ematen ditu, scriptak askoz ere modu eraginkor, koordinatu eta seguruagoan egin dezan lan.