Vicomtech-en partaidetza zabala IX. Donostia WeekINN edizioan
Vicomtech-ek, aurten ere, buru-belarri ekin dio ekimen horri, eta DSS WeekINNren ospakizun-egunetan antolatutako jarduera ugaritan parte hartu du.
02.11.2022
Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak Donostiako Sustapenaren bidez antolatutako Berrikuntzaren Astea urriaren 22tik 28ra egin zen, Donostiak azken urteotan garapen zientifikoaren alde egin duen apustuan oinarrituta, Donostia Zientziaren eta Berrikuntzaren hiri gisa sendotzeko helburuarekin.
Vicomtech-ek, aurten ere, buru-belarri ekin dio ekimen horri, eta DSS WeekINNren ospakizun-egunetan antolatutako jarduera ugaritan parte hartu du.
Zentroko ordezkariek hitzaldiak eskaini dizkiete ekonomia eta enpresa arloko ordezkariei, erakundeetako ordezkariei, DBHko eta batxilergoko azken mailetako ikasleei eta herritarrei oro har. Horrela, Oihana Otaeguik, Garraio eta Segurtasun Saileko zuzendariak, Weekinn Irekitzeko Kongresuan parte hartu zuen, astelehenean, hilak 24, Kursaalen, Garraiorako eta segurtasun elektrikorako adimen artifiziala izeneko hitzaldiarekin; Daniel Vander Vorstek, Nazioarteko Proiektuetakoa, ikasleei zuzendutako saioak zuzendu zituen, DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleei Adimen Artifizialeko aplikazioei buruzko adibide praktikoak eskainiz, bai Vicomtech-eko instalazioetara egindako bisita batean, bai Kursaalean antolatutako ehun bat gazteri zuzendutako saioan.
Bestalde, Unai Elordik, Deep Fake eta Adimen Artifizialean espezializatutako ikertzaileak, dibulgazio-hitzaldi bat eskaini zien herritarrei Alderdi Ederreko karpan, eta bertaratuek gai horri buruz planteatzen zituzten zalantza eta galdera ugariei erantzuteko aukera izan zuen. Karpa horretan bertan, besteak beste, Jorge Posada zuzendari ondokoak eskainitako bideo-elkarrizketa jarri zen jendearen eskura. Bertan, hiriko zentroek Adimen Artifizialeko teknologiak ikertzeko eta garatzeko eskaintzen dituzten aukeren berri ematen da, eguneroko bizitzako adibide praktikoen bidez.
Gainera, Vicomtech-eko ikertzaile talde batek, Espainiako eta Europako hainbat lekutatik etorritakoak, EAEtik kanpoko Ikerketa, Berrikuntza eta Ekintzailetzaren arloko profesionalei zuzendutako topaketan parte hartu zuten. Gune horren helburua zen pertsona horiek beren ikuspegia ematea talentua erakartzera, ekintzailetza-proiektuetara eta nazioarteko ikerketa-ildoak garatzera bideratutako ekimenetan hiriak aurre egin behar dien erronkei buruz.
Apustu bateratu eta integratu horrekin, Vicomtech-ek, bere teknologia- eta gizarte-misioaren ildotik, agerian utzi du, aurten ere, pertsonen garapenarekin, gazteen karrera zientifikoak sustatzearekin eta hirian eta inguruan zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzearekin duen konpromisoa.