Zientzia etxera iristen denean
Karen López-Linares doktorea, Osasun Digitalaren eta Teknologia Biomedikoen ikertzaile seniorra, Vicomtech

24.04.2025
Ikerketan lan egitea zirraragarria da, baina batzuetan frustragarria ere izan daiteke. Osasunaren arloan dihardugunok, batez ere, sentsazio kontraesankor batean bizi gara: alde batetik, bizitzak hobetu ditzaketen soluzioak garatzen ari garela jakiteak ematen duen motibazioa; eta bestetik, aurrerapen horiek praktika klinikora edo pazientearengana iristeko behar duten denbora.
Vicomtech-eko Osasun Digitalaren eta Teknologia Biomedikoen arloko kidea naiz, Adimen Artifizialean (AA) eta ikusizko konputazioan espezializatutako irabazi-asmorik gabeko ikerketa-zentroa, Euskal Herrian. Gure arloan, medikuntza pertsonalizatu eta prebentiboago baterantz aurrera egiteko teknologia ikertzen eta garatzen dugu, eta osasun-profesionalen lana errazteko helburuarekin. Hala ere, laborategiko emaitza onak izan arren, ez da arraroa benetako ezarpena prozesu luzeek, balidazioek edo ingurune kliniko konplexuetan teknologia integratzeko zailtasunek atzeratzea. Eta horrek frustrazioa eragiten du. Badakigu egiten dugun lanak benetako eragina izan dezakeela, baina denborak luzeak dira, prozesuak konplexuak eta emaitzak kostata heltzen dira.
Hala ere, badaude une batzuk —ez hain sarri gertatzen direnak, baina oso esanguratsuak— non zikloa osatzen den eta gure lan guztiak zentzua hartzen duen. Zientziaren, teknologiaren eta medikuntzaren arteko lankidetzak fruituak ematen dituenean, eragina ukigarria bihurtzen da. Batzuetan, are pertsonala.
Vicomtech LUCIA proiektuan: Biriketako minbiziaren arrisku-faktoreak hobeto ulertzeko lanean
Hiru urte baino gehiago daramatzat LUCIA izeneko Europako proiektuan parte hartzen. Bere helburua da biriketako minbiziari lotutako arrisku-faktoreak hobeto ulertzea, diagnostiko goiztiarra hobetzeko —adibidez, screening-programa berrien bidez— eta pazienteen kudeaketa hobetzeko. Proiektuan 20 bazkidek parte hartzen dute, eta ikerketa klinikoa eta AAko ereduak uztartzen dira: alde batetik, arrisku handiena duten pertsonak identifikatzeko ereduak, screening eraginkorrago bat egiteko lagungarri; bestetik, irudi medikoak aztertzen dituzten ereduak, noduluak karakterizatzeko laguntza emateko.
Vicomtech-etik tresna horien garapenean dihardugu, bazkide klinikoekin elkarlanean. Haiek ikerketa prospektibo bat egiten ari dira Europako osasun-zentro ezberdinetan, horien artean Osakidetza. Boluntarioak ari dira hartzen, eta proba ezberdinak egiten dizkiete, besteak beste, screening testuinguruan aplikagarria den irudi-azterketa bat. Honek gure tresna teknologikoak baliozkotzea ahalbidetuko digu, eta, besteak beste, arrisku-faktoreei buruzko ezagutza eta ondorio esanguratsuak ateratzea.
Eragin erreala duen ikerketa bat – bizitzak salbatzen
Eta hain zuzen ere testuinguru honetan bizi izan dut oso gertutik ukitu nauen esperientzia bat. Ikerketako boluntarioetako bat nire aita izan da. Irudi-probari esker, nodulu bat atzeman zioten eskuineko birikan, inolako sintomarik ez zuen arren. Diagnostiko-prozesu osoa igaro ondoren, baieztatu ziguten minbizia zela. Kolpe latza izan zen, baina, aldi berean, zorte handia, proiektu honi esker oso fase goiztiarrean detektatu baitzioten. Duela aste bat, birikako lobulu goikoa kendu zioten, eta gaur egun ondo ari da suspertzen.
Badakit kasu guztiak ez direla horrela amaitzen. Eta badakit askotan ez dugula gure lanaren benetako eragina ikusten. Baina oraingoan bai. Oraingoan ikusi dut. Bizi izan dut lehen pertsonan. Eta astindu bat izan da. Konfirmazio bat: lan ikusezina dirudien hori, benetan merezi duela. Eredu bakoitzak, analisi bakoitzak, lankidetza bakoitzak, norbaiten bizitzan funtsezko aldea egin dezakeela. Kasu honetan, nire aitarenean, eta nirean.
Eta benetan espero dut LUCIA proiektuan garatzen ari garen eredu eta klinika-azterketetan biltzen ari garen datuek pertsona gehiago goiz detektatzen laguntzea, nire aitarekin gertatu den bezala. Horrek esan nahiko luke, ikuspegi pertsonaletik haratago, benetan garrantzitsua den zerbaitetan laguntzen ari garela.
Osasun-ikerketa ez da beti azkarra, ezta erraza ere. Baina emaitzak iristen direnean, denak hartzen du zentzua. Inoiz sentitu baduzu zure ikerketa-lanak ez duela eraginik, bidean geratzen dela edo behar bezainbeste baloratzen ez dela, ulertzen zaitut. Baina baita hau ere esan nahi dizut: batzuetan bai. Batzuetan iristen gara. Eta batzuetan aldaketa egiten dugu. Eta hori gertatzen denean, den-dena merezi du.