Eusko Jaurlaritzak herritar guztien eskura jartzen du Neuronal itzultzaile automatikoa
Proiektua adimen artifizialean oinarrituta dago, Vicomtechen itzulpen automatiko neuronalarekin lotutako teknologiak barne dituelarik
04.11.2019
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak “Itzultzaile Automatiko Neuronala” aurkeztu dute gaur, Eusko Jaurlaritzak Vicomtech-eko adimen artifizialeko teknologietatik abiatuta herritarren erabilerarako sortutako proiektu praktikoa. Donostian egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, gaztelaniatik euskarara zein euskaratik gaztelaniara egiten ditu itzulpenak, kalitate handia lortuz. Itzultaile berri hau herritar guztien eskura dago www.euskadi.eus/itzultzailea webgunean.
Itzultzaile Automatiko Neuronala hizkuntza naturalaren tratamendurako teknologien ikerketa-lanen emaitza da eta 20 urtez IVAP-ek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, bildutako itzulpen-memoriak erabiliz garatu da. 10 milioi segmentu baino gehiago dituzten datu-baseak daude, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Balio kalkulaezina duen itzulpen sistematikoko corpus bat dago. Horri, Vicomtech-eko Inteligentzia Artifizialeko teknologiak aplikatu zaizkio kalitate-maila altua duen itzultzaile bat lortuz.
Itzulpen automatikoari dagokionez, jauzi kualitatiboa da orain arte erabili izan diren sistemekin alderatuta; hau da, gramatika-analisian eta transferentzian oinarritutakoak, sistema estatistikoak edo horien hibridoak. Zupiriak azaldu duenez, giza garunaren funtzionamendua imitatzen saiatzen dira, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko. “Gramatikan eta analisian oinarritutako itzulpenak onak, zuzenak, direnean, badute halako kutsu ortopedikoa. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia dutelako, esaldiaren barruko elementuen arteko lotura ondo mantentzen dutelako”, gaineratu du.