Vicomtech Zentroak adimen artifizialeko aplikazioei buruzko dibulgazio teknologikoko saio bat eskaini die Deustuko Ingeniaritza Fakultateko ikasleei

22.09.2022

Irailaren 15ean Vicomtech Zentroak adimen artifizialeko aplikazioei buruzko dibulgazio teknologiko jardunaldi bat antolatu zuen Bilboko Zabalguneko eraikinean, non bere Bilboko egoitza kokatuta dagoen. Deustuko Unibertsitateko Konputazio eta Sistema Adimendunen Masterreko (MUCSI) eta Informatika Ingeniaritzako graduko hogeita hamar bat ikasle bildu ziren hitzaldietan parte hartzeko. Izan ere, AAren eragina datozen urteetan enpresen lehiakortasuna hobetzea eta teknologiako profesionalen artean enplegagarritasun-iturri izatea espero da.

Hainbat sektoretan aplikatzen diren kasuekin lotutako hitzaldi teoriko eta praktiko batzuek osatu zuten saioa, zentroko Zuzendaritzako eta ikerketa-taldeetako kideek eman zituztelarik.

Vicomtech-eko Bilboko egoitzako zuzendari den Agustín Zubillaga doktoreak sarrera labur bat egin ondoren, Jorge Posada doktoreak, zentroko zuzendariordeak, Visual Computing eta Adimen Artifizialaren arteko sinergiei buruzko hitzaldi bat eman zuen. Ondoren, Industriako Dibisioko zuzendari Igor García Olaizolak Industriarako AAn ikasitako aplikazio praktiko eta ohar batzuk azaldu zituen, besteak beste, adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko eta ezartzeko orduan datuen kalitateak duen garrantzia azpimarratuz.

Etenaldi labur baten ondoren, Arantza del Pozo doktoreak, Vicomtech-eko Hizkuntzaren eta Lengoaia Naturalaren Teknologien zuzendariak, hizkuntzaren teknologien aplikazioan pertsonalizazioaren eta domeinura egokitzearen garrantzian sakondu zuen, eta zentroan enpresekin eta administrazioekin lankidetzan egindako proiektuen adibide batzuk erakutsi zituen. Azkenik, Garraio eta Segurtasun Ataleko ordezkariei egokitu zitzaien txanda, Sistema Konektatu, Kooperatibo eta Autonomoen zuzendari Marcos Nieto doktorearen koordinazioarekin. Lantaldeak hitzaldi interesgarriak eskaini zituen sektore horietan aplikatutako abangoardiako teknologiekin lotuta. Luis Unzueta, Segurtasunerako Bideo Analitiko Adimendunaren Ikertzaileak, segurtasuneko bideo analitiko adimenduneko sistemetan AAren metodoen hedapen optimoaren adibideak helarazi zituen, Nerea Aranjuelo, Sistema Konektatu, Kooperatibo eta Autonomoen Ikertzaileak, Deep Learning eta Datuen Simulazioan daukan ezagutza partekatu zuen, eta Harbil Arregui, Mugikortasun eta Logistikako Sistema Adimendunen Ikertzaileak, mugikortasun eta Logistikako egungo irtenbideak azaldu zituen.

Jardunaldi hori Vicomtech Zentroak Bilbao Ekintzarekin duen lankidetza-esparruaren barruan egin zen, Zentroaren jarduera eskualdean hedatzeko eta haren ezagutza zabaltzeko helburuaren barruan. Beste aldetik, Konputazio eta Sistema Adimendunen Masterra lurraldeko eragile zientifiko-teknologikoekin egiten ari den jardueren barruan ere kokatzen da. Vicomtech Zentroak Bilbon duen egoitza berria abian jarri zenetik, asmo handiko dibulgazio-saio zientifiko-teknologikoak egiten ari dira enpresa, profesional eta ikasleei eta, oro har, gizarteari zuzenduta, zentroan garatzen diren teknologiek eskaintzen dituzten berrikuntza- eta aurrerapen-aukeren inguruan sentsibilizatzeko. Vicomtech Zentroak hogei urte baino gehiagoko esperientzia du arlo honetan, eta enpresekin lankidetza estuan aritzen da, bereziki ETEeekin, prozesuak eta produktuak hobetzen, lehiakortasunean aurrera egiteko berrikuntza maila handiak ahalbidetuz.

Vicomtech

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea,
Mikeletegi Pasealekua 57,
20009 Donostia / San Sebastián (Espainia)

+(34) 943 309 230

Zorrotzaurreko Erribera 2, Deusto,
48014 Bilbo (Espainia)

close overlay

Jokaeraren araberako publizitateko cookieak beharrezkoak dira eduki hau kargatzeko

Onartu jokaeraren araberako publizitateko cookieak