Gipuzkoak mugikortasun autonomoko proiektu aitzindaria aurkeztu du, udalerri txikien garraio alternatibak eraldatu nahian
Ekimena aitzindaria da Europan, eta landa-inguruneko biztanleen mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko du, ibilgailu autonomo eta iraunkor baten bidez
21.11.2024
Gipuzkoako Foru Aldundiak landa ingurunean mugikortasun autonomoko eredu aurreratu bat garatzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean Abaltzisketan, Landago izenekoa. Ibilgailu jasangarria da, proba pilotuaren fasean dagoena, eta datozen hilabeteetan modu autonomoan zirkulatuko du Abaltzisketa eta Amezketa udalerrien artean. Ingurune horretan, Gipuzkoako landaguneetako mugikortasuna eraldatzeko asmoz testatuko da, garraio publikoaren sistema osatuz, herri horietan bizi diren herritarren beharrak asetzeko.
Proiektu pilotua azaroan jarriko da martxan. Aukeratutako eremuak Gipuzkoako landa-inguruneko erronka tipikoak irudikatzen ditu, hala nola maldak, bihurgune itxiak eta baldintza aldakorrak errepidean. Ezaugarri horiei esker, teknologiaren bideragarritasuna ebaluatu ahal izango da ingurune konplexu batean, eta datu kritikoak atera ahal izango dira etorkizuneko inplementazioetarako. Bi udalerri horietako biztanleek prototipoa probatu ahal izango dute 2025eko martxotik abuztura bitartean ezarriko diren proba-egunetan, esperimentazio-fase honen zati gisa, beren iritziak partekatu ahal izan ditzaten, ibilgailua etorkizuneko erabiltzaileen beharretara egokitzen aurrera egiteko.
Eider Mendoza diputatu nagusiak ekimenaren aurkezpenean parte hartu du, Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu eta MUBILeko presidentearekin Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, Jon Zubizarreta, Mikel Arteaga, Gorka Urteaga eta Izarra Urdalleta Abaltzisketa, Amezketa, Zerain eta Segurako alkateekin, Iñaki Aizpurua proiektuaren koordinatzailearekin, Oihana Otaegi Vicomtecheko garraio eta segurtasun dibisioko zuzendariarekin eta Sara Ahetze Puignau BCCAMeko zuzendari teknikoarekin, hurrenez hurren.
Lurralde Oreka Berdearen Saila eta Ekonomia Sustapen eta Berrikuntza Saila dira Landago ekimenaren sustatzaileak. Proiektu publiko-pribatu horrek, gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, Segurtasun Sailaren, MUBIL Mugikortasun Adimendunaren eta Iraunkorraren Gunearen, Dominionen, Vicomtech-en, BasqueCCAMen eta Eurogap-en bitartez. Aliantza horren bidez, landa mugikortasuna hobetzeaz gain, Gipuzkoa teknologia autonomoan eta mugikortasun iraunkorrean erreferente gisa sendotu nahi da, garraio adimentsuagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa sustatzen duten proiektuen abangoardian jarriz.
Proiektu pilotua eta faseak
Gaikuntza-fasean egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidean, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. Bigarren proba honetan, Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak aplikatuko dira, eta datu gehiago bilduko dira gidatzeko erronka handiagoak dituen ingurune batean. Urrats hori errepikatu egingo da ibilbide berri bakoitzean, zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzeko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.
Gaikuntza-fasearen ondoren, aurreikusten da abuztuaren erdialdetik 2026ko amaierara arte beharrezko azpiegiturak eta baldintzak garatu eta prestatu ahal izango direla, 2026ko erdialdetik aurrera Abaltzisketa eta Amezketa eta Zerain eta Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo batekin ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izateko.
Ondoren, proiektua zabaltzeko eta enpresak lankidetzan aritzeko lanean jarraituko da, 2030ean Gipuzkoan landa mugikortasuneko eredu bat eduki ahal izateko.